XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badakit norbaitek errian nere aurka jardun zuala bazkaririk eman ez nualako; or konpon ditezela.

Nik esan nezaizukena, auxe da: bazkaltzen ematea, kosta zitzaitan baño duro geiago etzitzaitala kostako, ta alaz ere, ez nuala egin nai izan, nere andrearekin lenbailen alde egiteko gogoa nualako, aiekin an lotuta egon gabe.

Lasai daukat kontzientzia ondo portatu nintzalako, ta orixe det naikoa; maxiatzailleei buruz... obe da jaramonik ere ez egitea!

Ezteietako guziei zegokitan begirunea azaldu ostean, eta aukera izan nuan bezin laister, nere beorraren gibel-aldean nere andrea jarririk Bizente jaunak prestatu zizkitan apainduraz dotoretuta neukan beorra ta pausoz-pausu, lurrera eroriko ote-zitzaitan beldurrez bezela, sartu bide-zabalean, ta Mérida'raño eldu giñan, eta antxen pasa genituan iru egun, nere bizitza osoan igaro ditutan iru egunik zoriontsuenak, noski.

Bidean, sei geldi-aldi gutxienez egin genitun, pixkat prexkatzeko asmoz; eta txunditurik nago orain, eta ezin ulerturik ere bai, zenbateñoko zoroaldiak eman zigun bioi orduan, margarita-loreak biltzen aritu baigiñan batek besteari buruan ipintzeko.

Badirudi ezkon-berriei bat-batean, aurtzaroko bakuntasun osoa itzultzen zaiela, izan ere.

Erromatar-zubiaren zear, ttaka-ttaka geldi-xamar batean goazela, errian sartzerakoan, gure beorra ikaratu egin zan ibaia ikusteaz edo, ta andik zijoan andre zar gajo bati, aurreko anka batekin alako zartakoa eman zion, erdi-ondatua utzi zuan eta buruz-bera Guadiana'ra eroitzeko zorian.

Ni berealaxe beor-gañetik jetxi nintzan berari laguntzeko ezpaizan legezkoa aurrera jotzea, bañan, gure atsoak beste ezer baño geiago edan-kutsua zuala antz-eman nionean, erreal bat eman, esan etzezan ta bizkarrean bi zaplatxo ere maitekiro emanaz, Lola-rengana joan nintzan.

Onek par-egiten zuan, eta sinistu zaidazu, par orrek kalte aundia egin zidan; eztakit usmo txarren bat izango zan, gero gerta bear zitzaionaren iragarkien bat-edo, alegia.